Aste Nagusian, erasorik ez!

Edozein motatako erasoren bat jasatekotan, Bilboko Konpartson txosnetan laguntza eta informazioa jasoko duzu.

Aste Nagusian zehar  gertatzen diren erasoen aurrean Bilboko Konpartsok gure jarrera oso argi dugu: JAIETAN GERTATZEN DIREN MOTA EZBERDINETAKO ERASOAK ONARTEZINAK DIRA, ETA GUZTION ARTEAN AURRE EGIN BEHAR DIEGU.

Arrazoi honengatik, orain dela urte batzuetatik Bilboko Konpartsok ekimen ezberdinak atera ditugu aurrera arazo honi aurre egiteko, bai sentsibilizazio eta prebentzio lanak eginez, bai gerta daitezkeen erasoen aurrean erantzun bat prestatuz; bereziki, erasotuari edozein txosnatan oinarrizko laguntza emateko bideak jarriz, eta erantzun publiko indartsu bat prestatuz, 2008an sortu genuen (eta gerora garatu egin den) protokoloaren bidez.

Gure lana, ordea, ez da honetan geratu, eta urteotan ekimen eta baliabide berriak sortu ditugu, denon eskura daudenak gure txosnetan eta baliabide teknologikoen bitartez.

Azpimarragarria da beste erakunde eta eragileekin egindako elkarlana, sortutako baliabide ezberdinak elkarbanatuz eta gure ahotsak erasoen kontra ozen batuz: esaterako, Bilboko talde feminista ezberdinekin , Gora Iruñearekin , SOS Arrazakeria , Aldarte , Kitzikan , EHGAM eta Sare Lesbianistarekin egindako elkarlana,  hala nola  Bilboko Udaleko berdintasun sailarekin eta Bilboko auzo ezberdinetako merkatari eta ostalari elkarte ezberdinekin egindakoa, herritarrak edozein eraso motaren kontra sentsibilizatuz eta erasoen aurreko aktuazio protokoloa hedatuz.

Guztion arteko elkarlana ezinbestekoa da erasorik gabeko Aste Nagusia aske bat eraikitzeko.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude