Hur Thado Ameth-Aga-ko basamortutik irteera

IMG-20140221-WA0004

Bazen garai bat Konphartsel-eko 28 tribuek Zerua biziki iraindu zutenekoa.  Hain juramentu larriak bota zituzten ezen eskribauen idazluma eta zizelek ere horiek errepikatzeko gauza izan ez zirela.

Eta haien kontra zeruaren furfuriarik gogorrena piztu egin zen. Hur Thado Ameth-Aga-ko basamortu ilunera erbesteratuak izan ziren, eta bertan neke, gose, hotz eta egarri (apur bat gutxiago) handiko  10 urte luze igaro zituzten.  Eta jainko faltsuetaz arnegatu bazuten arren, Zeruak gupidarik ez zuen izan, haien negar, intziri eta hortz-haginen karraskatzeak entzuteak atsegin zituelako. Eta ez zen hamar urtetan ez otoitz ezta sakrifizio nahikorik egon bere amorru mendekatzailea leunduko zuenik.

Baina egun batean, Athkunah Patriarka Handia bere artaldea larreratzen zegoelarik, argi bat behatu zuen, nimiñoa baina itsugarria.  Harrituta, argia ikustera hurbildu zen eta bertatik ahots batek deitu zion hauxe esanez: “Ig-na-khi! ¡IIg-na-khi!” eta berak erantzun zion: “Hemen nago”. Eta argiak halaxe esan zion: “Neu naiz, zure arbasoen Jainkoa, Jose Maria de Areilza-rena, Pilar Careaga-rena …, Neu naiz Al Dhe Koah, Dana Gobernatzen duena, Jainko bakarra. Eta arretaz entzun diezadazun agintzen dizut”. Berba hauek entzutean, Athkunah beldurrez, belaunikatu zen eta arretaz entzun zuen.

Eta Al Dhe Koah mintzatu zen: “Konphartsel-eko 28 tribuek neke handiak pairatu dituzte, haien soinekoak urratu dituzte eta haien adatsak errautsez estali dituzte, sinesmen handiarekin laguntza eskatu didate eta horixe atsegin dut. Hur Thado de Ameth-Aga-ko basamortutik haien irteera luzea bukatu dadin eta promestutako Kale Nagusira heldu daitezen da nire nahia”.

Athkunah-k, burua altxatu gabe, erantzun egin zuen: “Baina Al Dhe Koah, neu naiz Aukeratua, eta oraindik ere haien leialtasuna ez dela behar bezain frogatua izan uste dut, ez litezke gutxienez basamortuan 40 urtez egon beharko?

Une horretan, argia su kiskalgarria bihurtu zen eta sumin handiz zera esan zuen: “Nola ausartzen zara nire hitza zalantzan jartzen? Egia da zeu Aukeratua zarela, baina neu Al Dhe Koah naiz, Gauza Guztien Jauna, eta gauza guztien gainean agintzeko ez nau inork aukeratu behar. Obeditu eta isildu zaitez!”.

Eta Al Dhe Koah-ek Athkunah-ri esan zion: “Altxa zeure artzain-makila, Kale Nagusian zehar eskua luzatu eta zabal ezazu kalea Konphartsel tribuak bertatik desfilatu daitezen. Honela guztiek jakingo dute Al Dhe Koah naizela eta sekula eta beti goraipatua izango naiz. Amen”.

Orduan Athkunah Gran Vian zehar bere eskua luzatu zuen eta Al Dhe Koah, eguzki-haize irmo baten bidez, bidea mozten zuten zaindarien gurdiak alde batera bultzatu zituen eta Konphartsel-eko tribuak amestutako Kale Nagusian barneratu ziren, malkoak begietan, ikusten ari zirena sinisten ez zutelarik eta zitarak, txirula eta tronpetak jotzen Al Dhe Koah gupidatsuari eta Athkunah bere profetari, laudorioak abestuz.

Eta Athkunah-k behatu zituen, eta hura ona zela sinestarazi zuen, eta benetan jainko faltsuak alde batera utzita zituztela eta samurtasunez beterik zeudela argi ikusi zuen.

Al Dhe Koah gure Jaunaren grazia Konphartsel-en seme-alabekin betirako izan dadin. Amen.

Eta Konphartsel tribuaren borondate onaren seinale bezala, amestutako Kale Nagusiaren aurrean ospakizunen zerrenda luzatzen dizuegu:

  • Otsailaren 23an Domeka: III. Inauterietako Pontxe eta Tostada lehiaketa Plaza Berrian. Eguerdiko 12etatik. Eta bertan izena emateko aukerarekin.
  • Otsailaren 27an Eguena: 19:30etan Farolin eta Zarambolasi epaiketa. Jarraian Trapuzaharrak kalejira, 20:30etan Plaza Berritik. Eta urtero bezala trapu zaharrak ekarri ez dituztenentzako bertan eskura izango dituzte.
  • Otsailaren 28an Barikua: Goizean umeentzako desfilea eta txokolatada. Eta arratsaldeko 20etan Bilbo Kantari mozorratua aterako da Kalderapekotik.
  • Martxoaren 1ean Zapatua: Gran Vian zehar desfilea arratsaldeko 18etan. “Ze esatek”, “Tea Party dj-ak, Lekittioko deabruekin”, Hortzmuga”  taldearen ikuskizun berezia eta   Marikalanbre, Martinbertso, Largabista, Ane Pirata eta Irrien Lagunakeko kuadrila osoa, erraldoiekin batera, fanfarria, karrozak eta desfilean parte hartu nahi duten talde zein norbanako guztiekin, horretarako telefonoz edo emailez Bilboko Konpartsekin kontaktuan jarri. Aurtengo desfilean eskenatokiaren ondoan aniztasun funtzionala duten lagunentzako esparru bat gordeko duguBeti bezala mozorrorik onenentzako sariak banatuko dira banakako kategorian, kuadrilen kategorian, taldeak eta karrozentzako, horretarako epaimahi ospetsu bat izango dugu Foru Aldundiaren ondoan egongo dena.
  • Martxoaren 2an Domeka: Indaba lehiaketa Plaza Berrian, goizeko 9etatik. Eta 7 kaleetatik goizean eta arratsaldean Arriaga plazan, Zuberoako Maskarada izango dugu Gaztedi Taldearen eskutik.
  • Martxoaren 3an Astelehena: Umeentzako programazioa egongo da.
  • Martxoaren 4an Martitxena: Sardinaren ehorzketa, 19:30etatik Plaza Berritik Arriagara. 

Urtero bezala, Don Carnali ongi etorria ematen eta ospatzen animatzen diren guztiak bertan parte hartzen animatzen zaituztegu.

Zabal dezagun Gran Viaren itxasoa!!!!!!!

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude