|
Aste Nagusia, historia apur bat
Aurretikoak...
Orain dela 23 urte gure neurri eta ezaugarriak
dituen hiri baterako gertaera bakana jazo zen Bilbon. Hogetaka urte
dutenentzat Aste Nagusia betikoa da, baina adin hori gainditzen
dutenek ondo baino hobeto gogoratzen dituzte lehenagoko udak. 1977ko
abuztuan (eta aurrekoetan) Bilbo basamortua zen. Hilabete horretan
metatutako oporrek hutsik uzten zuten hiria, bilbotar gehiago zegoen
kanpoan etxean baino, eta ondorioz, aste horretan ostalaritzak ere
bat egiten zuen exodoarekin eta oporrak hartzen zituen.
Eta hilabete horretan Aste Nagusiak, esateko modu
bat da, ez zuen ezelango oihartzunik izaten prentsan. Salbuespen
izaten ziren ekitaldi isolatu batzuk, hala nola boxeo edo borroka
askeko konbateak ibaian paratako balsaren gainean, edota Seccion
Femeninako dantza erakustaldia. Barrakak, legendunen antzera, batetik
bestera eramaten zituzten gero eta toki baztertuagoetara, Bilbo
bigarren mailako plaza bilakatuz.
Zezenketa orokorrak eta probintzietako giran Bilbora
heltzen ziren antzerki konpainia batzuk ziren jai aztarna bakarra.
...Hortik aurrera...
Luze joko luke 1978ko abuztuko gertaera guztiak
azaltzea baina emaitza da, Aste Nagusia herritaratzeko ideien lehiaketa
baten ondorioz, EMKren taldea, Txomin Barullo, nagusitzen dela eta
jasotzen duela saria. Orduan, auzo elkarteen laguntzaz, eskatzen
du saria ez geratzea lotan eta praktikara eramatea.
Auzokideen presioa garaile irteten da eta lehen
Jai Batzorde Herrikoia izendatzen da. Proiektu horretan animazio
taldeen sorrera aurreikusten da, konpartsa izenaz ezagutzen dena,
batetik eta bestetik sortzen dira aldez aurretiko plangintzarik
gabe eta irauteko asmo jakin barik.
Bi hilabete eta aurrekontu barregarri batekin eromenik
ederrena antolatzen da, bizi izan genuenok egundo ahaztuko ez duguna.
Arrakastak bertokoak eta auzokoak harritu zituen. Jovellanosek esan
bezala: "euskaldunei ez zaie jairik antolatu behar, nahikoa da bide
ematea haiek beraien kabuz antola ditzaten".
Bilbon dauden herritar guztiak Arenalera eta Zazpi
Kaleetara jaisten dira. Berria prentsan dago, albistea bolo bolo
dabil eta exodoa hasten da, baina alderantziz.
...eta ondorioa
Konpartsak bildu ziren eta sortu zen, ezinbestez,
Bilboko Konpartsen Koordinakundea. Aratusteak berreskuratzeaz gain,
Aste Nagusiko ekimenari ekin eta, lehen udal demokratikoarekin batera,
bigarren Jai Batzorde Herrikoia sortu zen.
Batzorde horretan zinegotzi bi egon ziren, Pedro
Lopez Merino (PSOE) eta Santi Brouard (HB), konpartsen sei ordezkari,
Bihotzean auzo elkartea, Bilboko antzerki taldeen ordezkari bat,
Oskus! ume animazio taldea eta Haurrak… Beste hainbatek eskaini
zuten haien laguntza baina ez ziren Batzordean egon. Urte horretan
sortu zen, gero aldaketa batzuekin, gaur egunera arte heldu den
jai egitarau eta eredua. 1979az geroztik Bilboko uda ez da berriz
izango lehenago izan zena. Bilbotarrek oporrak gordetzen dituzte
Aste Nagusirako, Bizkaia buru belarri sartzen da bere egunean fenomeno
berria, eta egun tradizionala, den honetan ondoren azalduko ditugun
ondorioekin.
1978-79ko ondorioak
- Ostalaritzak sakela betetzen du abuztuan.
- Antzerkia Bilbon ez da berriz probintzietako
biran dabiltzan konpainientzako geralekua, plaza garrantzitsu
bilakatzen da (ez ahaztu tamalez desagertua dagoen Julian Vinuesa,
berak aurreikusi baitzuen azkar Aste Nagusiaren bilakaera).
- Barrakek leku bikaina aurkitu zuten eta Bilbora
aparatu ikusgarrienak heltzen dira.
- Garraio publikoak bete beterik doaz zerbitzu
berezi gero eta osatuagoekin.
1978ko esperientzi zoroak bere eragozpenak ere
izan zituen. Ez da alferrekoa orduko tiglatu makalak gero eta hobeto
dauden egungo txosnekin alderatzea.
Garbiketa eta higienean egon den aurrerapidea ere
ez da ahaztu behar.
Ulergaitza da, ostera, lehen urte bietako hain
oroimen ederra gordetzea, ia inork kolokan jarri ez zuenean jaien
eredu ez garapena eta gaur egun, hainbeste hobetu denean, kolokan
jarri nahi izana. Gehien bat Aste Nagusia erreferentzia denean bai
estatuan zein nazioarte mailan, eta etortzen denean duela urte batzuk
pentsaeziona zen beste lagun.
Gaur egun Konpartsek, jaien elementu dinamizatzaile
gisa, parte hartzen dute Aste Nagusian ezezik urte osoan, Aratusteak
eta beste ahaztu barik. Urte osoan lan dinamika polita daramate,
bolondresen bidez jardunda, ilusioa eta sarritan ezagutza eta baliabide
profesionalak ere guztiz desinteresatuan eskainiz.
Holakoak gara eta halan segituko dugu
Bilboko Konpartsak
|