Egutegietako saskiaren zozketa eta Klin-Klon sariak

Gaur, Abenduak 30, Bilboko Konpartsok aurreko egunetan iragarritako sari banaketa egin dugu Bilboko Kafe Antzokian. Adiskidetasun giro politean, eta jan-edanaren epelean, San Tomas egunean zozketatutako txerriki eta ortuko produktuen otzara ederra eman diogu irabazleari. Gogorarazi nahi dugu aipatu otzara, Basatxerriko ekoizleen txerrikiez gain, Esnetik kooperatibak egindako gaztak eta Nekasareako barazki ekologikoez hornitua dagoela. Kaixo konpartsako kide diren Leire Díez eta Imanol Sierra erosi zuten 2773. zenbakidun Bilboko Konpartsen egutegia eta, ondorioz, eurek ditugu aurtengo irabazleak. Zorionak irabazleei!!

Jarraian, 2016rako Bilboko Konpartsen egutegien salmentatik lortutako dirua, hau da, 1.000€,  Alternatiben Herria egitasmoari  helaraztea erabaki dugu. Gurekin izan ditugu bestelako jendarte eredu baten alde lanean diharduten kideak eta zinez aberasgarri eta interesgarria izan da guretzat guztiontzat haiekin atsegin handiz konpartitu dugun goiz partea.

Amaitzeko, urtero legez, Klin Klon sarien banaketari ekin diogu. Urte berezia izan dugu aurtengoa, 100 urte bete baitira Klin-Klonek Bilboko Tomas Deunaren eguneko Azoka berriro ere martxan jarri zuenetik. Bilboko konpartsak eta Txerriaren Txarriduna Akademiak San Tomas nekazal azokaren izpirituaren, zaintzaren eta zabalkundearen alde egindako ekarpena aitortu nahi diote hedabideetan egun honen harira argitaratutako argazki eta erreportaje onenari. Aurtengo irabazleak honako hauek izan dira: alde batetik, argazkirik onenaren saria Mireya Lopez argazkilariarentzat izan da, El Nervión egunkarian argitaratutako argazkiagatik eta, bestetik, erreportajerik onena Uriola hedabidearentzat izan da, egun horretan testu-irudiez eta bideoz egindako erreportaje zoragarriagatik. Saria Irati Royok eta Ninbe Morenok jaso dute euren lan-talde osoaren izenean.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude